DA! PRO topaketa garatu dute Durangon, aurreko edizioetan baino programatzaile gehiagoren partaidetzarekin

Euskarazko sortzaile eta programatzaileen arteko topaketa profesionala zazpigarren ediziora heldu da.

DA! PRO topaketa garatu dute Durangon, aurreko edizioetan baino programatzaile gehiagoren partaidetzarekin

Hilaren 25ean, asteartea, familia-ikuskizunei eskainitako jardunaldia izan zen Bizenta Mogel liburutegian. Aurreko urteetan baino programatzaile gehiago bertaratu ziren. Bederatzi taldek euren proposamenak aurkeztu zituzten eta guztiek interes handia piztu zuten. Ahozko erakusketaz gain, hainbat sortzailek beren ikuskizunen zatiak eskaini zituzten zuzenean. Proposamenen artean, magia trikimailuak, txotxongilo piezak, antzerki eszena txikiak eta zuzeneko musika nabarmendu ziren. Horrek guztiak dinamismoa ekarri zuen, eta programatzaileek bertatik bertara baloratu ahal izan zuten proiektu bakoitzaren funtsa. Antolatzaileak, Itxasne Arabiourrutiak, adierazi du giro bereziki hurbila sortu zela, non programatzaileek eta artistek hitz egin, iritziak trukatu eta harreman profesional berrien oinarriak ezarri ahal izan zituzten.

Musikaren txanda asteazkenean heldu zen, hilak 26, Musika Bulegoak Plateruenan antolatutako saio batean. Hamar taldek parte hartu zuten, eta zuzeneko emanaldiak eskaini zituzten. Aurten 23 programatzailek eman zuten izena, aurreikusitako gehieneko kopurutik gertu. Musika Bulegoko Ruth Manzanok adierazi duenez, "proposamen musikalak oso positiboki baloratu ziren: taldeek kalitate artistiko handia erakutsi zuten eta ezin hobeto egokitu ziren zuzeneko emanaldietarako bilatu ziren ezaugarrietara". Erakundeak jasotako balorazioaren arabera, programatzaileek azpimarratu zuten topaketa oso ondo antolatu zela eta horrelako jarduerak funtsezkoak direla kontratazio berriak sustatzeko.


 

27 aurkezpenen zerrenda kontsultatzeko: Zu non, han DA!