Hemen da BADABIL podkastaren III. denboraldia

Aurreko urteetako arrakastaren ostean, bueltan da aurten ere BADABIL bideopodkasta. Durangoko Azokarekin elkarlanean ekoizten den podcastaren denboraldi berria azaroaren 4an abiatuko da.

Hemen da BADABIL podkastaren III. denboraldia

 Zer da?

BADABIL Hiru Damatxok ETB Mediarentzat ekoizten duen bideopodkasta da, Durangoko Azokarekin elkarlanean egiten dena. Amets Aranguren du aurkezle, eta atal bakoitzean hiru kulturgile izaten dira harekin, kulturari eta sorkuntzari eragiten dioten gai bat eztabaidagai hartuta. Podkastaren helburua Durangoko Azokaren oihartzuna asteburu luze bakarretik harago eramatea da, eta ikusgarritasuna ematea, nola euskal sortzaileei, hala haien jardunean dituzten kezkei eta hausnarketei.

 

Ibilbidea

Dagoeneko bi denboraldi egin ditu bideopodkast honek. 2023an abiatu zen, bost atalekin. 2024an jarraitu zuen, jatorrizko bost atalei zuzeneko seigarren bat gehituz, Durangoko Azokan bertan. Lehen bi denboralditan zehar, bertan izan dira Izaro Andres, Olaia Inziarte, Kike Amonarriz, Aner Peritz, Maite Atorrajauregi (Mursego), Itxaro Borda eta Josune Arakistain, besteak beste. Programaren arrakasta nabaria izan zen eta horren adierazle da iaz jasotako Argia saria. 

 

Aurtengo gaiak

Kulturari eta sorkuntzari lotutako denetariko gaiak landuko dira BADABIL bideopodkastaren III. denboraldian. Taldeen itzulerak eta esperientzia ahaztezinak, ekoizpen zailtasunak eta enpresa handien hegemonia, gorputz disidenteen presentzia eta genero desoreka, euskal zinemaren azken loraldia, liburudenden egoera eta fisikotasunaren galera, edota kulturaren lehia eta lehiaketen kultura… Atal bakoitzean galdera ezberdinei tiraka, bizi dugun testuingurutik abiatuta, gaur egun kultur-sorkuntzak pairatzen dituen erronka eta aukera ezberdinak aztertuko dira.



 

27 aurkezpenen zerrenda kontsultatzeko: Zu non, han DA!