Ipar Euskal Herrian sorturiko 50 kultur nobedade, Durangoko Azokarako prest
Aurtengo uztaren aurkezpena egin dute Baionan, Gerediaga eta EKEren eskutik; azoka oparo eta aberats baten barruan kokatuko da.
Euskararen Kultur Erakundeko Marion Lastirik azaldu du haien bitartekaritzari esker Ipar Euskal Herriko kultur elkarteek eta argitaletxeek laguntza jasotzen dutela, euren produktuak azokara eraman ahal izateko, eta horrela, sorkuntza horren presentzia bermatzen dutela. Nobedadeen katalogoa osatu dute, eta EKEren webgunean egongo da arakatzeko moduan.
Gaur aurkezturiko uzta, azoka oparo eta aberats baten barruan kokatuko da. Gerediaga elkarteko Izaskun Ellakuriagak gogoratu du aurten kulturazaleengan jarri dutela begirada. "Arduratuta gaude, ez dagoelako hartzaile nahikorik Euskal Herrian daukagun sorkuntza aberatsarentzat. Horregatik, kulturazaleak aktibatzeko ahalegina egingo du Durangoko Azokak. Izan ere, hartzen baduzu gero bueltan eman egiten duzu; kultur sistema bizirauteko arnasa ematen duzu. Hartzea ematea da", esan du aurtengo leloari erreferentzia eginez.
27 aurkezpenen zerrenda kontsultatzeko: Zu non, han DA!