Film laburren emanaldia
DemaSA, Irudienea gunean eta azokaren barruan antolatutako jarduera berezia da, eta bertan, Euskal Herriko film laburren rally eta lehiaketa desberdinetan finalista suertatutako lanez gozatzeko aukera izango dute bisitariek. Ikasle goizean, film labur horien bilduma ikusi ahal izango dute ikasleek, eta hauek lanen inguruko iritzia emateko eta partekatzeko aukera izango dute.
Saio honetan, 24 eta 48 ordutan (edo denbora laburragoan) egiten diren Film laburren lehiaketetan finalista izan diren lanak proiektatuko dira eta ikasleek emanaldia Zugaza zinemetan kokatzen den gunean gozatu ahal izango dute. Horrela, ikasleek denbora oso mugatuan sortutako ikus-entzunezko lanen sormena, kalitatea eta aniztasuna ezagutuko dituzte, euskarazko zinemagintza amateurrera hurbilduz.
Aurtengo edizioan, gainera, lehen aldiz Ikasleen Aipamena emango da DemaSA sariketan. Emanaldiaren ondoren, ikasleek ikusitako lanen artean gehien gustatu zaien film labur onena bozkatu ahal izango dute, eta horrela, publiko gaztearen iritzia ere sarituko da. Ekimen honen bidez, ikasleek ez dute soilik ikusle gisa parte hartuko; ikus-entzunezkoak baloratzeko eta irizpide propioa garatzeko aukera ere izango dute, betiere gidalerro batzuekin lagunduta.
Ikasle Goizaren helburua gazteak euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzara hurbiltzea, film laburren mundua ezagutaraztea eta etorkizuneko sortzaile zein ikusle kritikoak sustatzea izango da, baita edukia euskaraz ikusteko aukerak zabaltzea eta ohitura sortzea ere.
Non: Zugaza zineman (areto txikian)
Saioen ordutegia: 10:30-11:30 / 12:00-13:00
Mailak: DBH 1 eta DBH 2