52. Durangoko Azoka
2017koa aldaketa urtea izan zen Durangoko Azokan. Omentzetik ereitera izeneko ekitaldiaren bidez, ikusmira aldaketa bat iragarri zuen Gerediaga elkarteak: atzera begiratzen zuen Argizaiola saria eman ordez, etorkizuna amesteko baliagarria izango zen Sormen Beka iragarri zuen. 25 urtez euskal kulturara argia ekarri zuten sortzaile eta eragileak omendu ziren Argizaiolarekin, eta 2017ko ekitaldian 25 argi piztu zituzten eskenatokian, ibilbide hori aitortzeko asmoz.
Ahotseneak 10 urteko ibilbidea bete zuen, eta urtean zehar Euskal Herrian eginiko argazki erakusketa zein emanaldi berezien bira borobildu zen azoka egunetan.
Azokaren ateak dantzaren bidez ireki eta itxi ziren edizio horretan. Martxel Rodriguezek eman zion mugimendua irekierari, eta Elene Carreto eta Beñat Urrutiak itxierari.
Jose Antonio Sistiaga artistak landu zuen 52. ediziorako kartela, eskuz margotutako Impresiones en la alta atmósfera filmaren fotograma bat baliatuta.