55. Durangoko Azoka

Pandemiak ezusteko egoera ekarri zuen gizartera, eta Durangoko Azokak ere gogoeta egin behar izan zuen. Gerediaga elkarteak, azokak euskal kulturaren osasunean duen pisuaz jabeturik, ekimena egin egingo zela aurreratu zuen. Horrela, fisikoki ezin bazen ere, hilabete gutxitan online salmentarako sistema bat muntatu eta azoka digitala egin ahal izan zen. 

Herritarren erantzuna txalotzekoa izan zen, 27.758 produktu erosi zituztelarik webguneko dendan. Antolakuntzak gogotik egin behar izan zuen lan bidalketak prestatzeko. Landako Guneak ez-ohiko itxura izan zuen, biltegi bihurturik.

Sormen Beka sustatzen jarraitu zuten Gerediagak eta Durangoko Udalak, eta epaimahaiak Bañolet telesaila hautatu zuen. Umeen begiradatik kontatua, umorea, absurdoa eta poesia izan zituen oinarrian.

TaupaDA! izan zen ediziorako aukeratutako leloa, eta bihotz itxaropentsu bat margotu zuen kartelerako Ane Pikaza ilustratzaileak.

50687590996_544b270c2e_c